OINARRIAK
1.- IKUSKA Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko 27. Erakustaldia 2025ko azaroaren 14aren eta 22aren artea egingo da Pasaian (Gipuzkoa).
2.- Edozein pertsonak parte har dezake, berdin da nongoa den (antolakuntzari lotutakoak izan ezik), edota pertsona juridikoek legez eraturik. Nolanahi ere, 18 urtetik gora badituzte. IKUSKAk ez die inskripzio tasarik kobratuko parte hartzen duten film laburrei.
3. – Aurkezten diren filmak 2024ko urtarrilaren 1etik hona egindakoak izan behar dute, eta iraupenaren aldetik gehienez 20 minutu iraun behar dute.
4.- Gaia eta generoa libreak izango dira. Filmak mutuak nahiz soinudunak izan daitezke.
5.- Elkarrizketei dagokienez, lanak edozein hizkuntzatan aurkeztu ahalko dira, honako puntu hauek kontuan harturik:
a) Inskribatze eta aurretiazko aukeraketa fasean, elkarrizketak euskaraz edo gaztelaniaz ez badaude, azpitituluak izan beharko dituzte euskaraz edo gaztelaniaz, edo bestela ingelesez edo frantsesez.
b) Behin betiko aukeraketa egiteko orduan, film laburra euskarazkoa edo gaztelaniazkoa ez balitz, aukeratuak izateko AZPITITULURIK GABEKO kopia bat aurkeztu beharko da eta elkarrizketen zerrenda bat gaztelaniaz edo ingelesez azpitituluak ezartzeko.
6.- Inskripzioak 2025ko abuztuaren 31 arte bakarrik jasoko dira (egun hori barne).
7.- Film laburrak online bidezko plataformak erabiliz bidaliko dira, www.ikuska.eus webetik, eta plataformek berek eskaintzen dituzten inskripzio fitxak beteta. Parte-hartzaileen erantzukizuna da aipatutako online plataformak erabilita parte-hartzeak zer gastu dakarren jakitea, eta gastu horiek beren gain hartzea.
Jaialdiaren webean dagoen inprimakia bete eta bidalita ere parte har daiteke. Esteka bat erantsiko da film laburra bistaratzeko eta/edo Vimeo, Wetransfer, Drive, Dropbox eta abarretik deskargatzeko.
8.- Horretarako izendatuko den batzorde batek aurkeztutako lanetatik hautaketa egingo du, eta erabakiko du zein lanek parte hartuko duten Lehiaketako Sekzio Ofizialean, eta zeinek parte hartuko duten erakustaldiko sekzio paraleloetan. Sekzio paraleloei dagokienez, Erakustaldiaren antolakuntzak hautatuei parte hartzeko eskatuko die, eta haiek aukera dute ezezkoa emateko gonbidapenari eta baimenik ez emateko emanaldirako. Jaialdiak inskribatu diren guztiei jakinaraziko die Hautaketa Batzordearen erabakia. Era berean hautatuei partaidetzaren xehetasunen berri emango die: emanaldiaren data eta ordua, eta beharrezkoa izanez gero, kalitateko kopia bat eskatuko da, etab.
9.- Euskarazko film labur onenaren MINTZAGUN saria hainbat saio berezitan parte hartzen duten ikusleen botoekin emango da. Ikusle horiek Gipuzkoako Oarsoaldeko Euskaltegietako ikasleak izango dira.
10.- Sekzio Ofizialeko Epaimahaiko kideak antolatzaileek izendatuko dituzte. Eta epaimahai horrek erabakiko du zein diren sari irabazleak. Gazteen Saria antolakuntzak izendatuko duen gazteen epaimahai batek emango du, eta Sekzio Ofizialeko film labur bat aukeratuko du. Bi kasuetan erabakiak apelaezinak izango dira, eta Erakustaldiaren amaiera-ekitaldian emango dira jakitera. Epaimahaiek sariak eman gabe utz ditzakete.
11.- Saritutako lanek trofeoa eta diru-saria jasoko dituzte. Sarien zenbatekoak hauek dira:
• IKUSKA 2025KO FILM LABUR ONENARI: 1.500 €
• ANTZEZLE HOBERENAREN SARIA: 1.000 €
• ANIMAZIO FILM LABUR ONENARI: 500 €
• IKUSLEEN SARIA: 500 €
• MINTZAGUN SARIA: 1.000 €
• “FEMENINO PLURAL” SARIA: 1.000 €
• GAZTEEN SARIA: 500€
12.- Sariak 2025ko azaroaren 22an egingo den Amaiera Bilkuran banatuko zaizkie, ahal dela, sariak jasotzera joaten diren film labur irabazleen zuzendari eta/edo ekoizleei. Ezin bada bertan egon, beraiek izendatutako pertsonari edo pertsonei emango zaizkie.
13.-Diru-sari guztiak izen-emate orrian sariaren onuradun gisa ageri den pertsona fisiko edo juridikoari ordainduko zaizkio. Onuradunik agertzen ez bada, film laburra inskribatu duen pertsona fisiko edo juridikoarekin jarriko da harremanetan. Klausula hau ez da aplikatuko Interpretazio Onenaren sarian, ezta Epaimahaiaren Sari Berezian ere, baldin eta pertsona bati ematen bazaio. Antolakuntzak bere gain hartuko ditu (ahal duen neurrian) Amaierako Ekitaldira joaten diren sarituen garraio eta ostatu gastuak. Sari guztiak erakustaldia bukatu ondoren ordainduko dira, banku-transferentzien bitartez. Sariei indarreko legediak eskatzen dituen zerga-atxikipenak ezarriko zaizkie.
14.- IKUSKAren antolakuntzak zainduko du emanaldietarako kopiak aukerakoenak izan daitezen, ahal den kalitate handienekoak. Hautatzen diren lanen egileek edota ekoizleek IKUSKA 2025ko antolatzaileei baimena emango diete filmen zati batzuk hedabideetan agertzeko, helburu komertzialik gabe. Gehienez ere minutu bateko zatiak izango dira, edo film laburrak duen iraupenaren %10ekoak. Era berean, inskripzio fitxan ageri diren datu tekniko eta artistikoak (titulua, iraupena, zuzendaria…) erakustaldiari buruzko argitalpenetan sartuko dira. Hautaketarako bidaltzen diren kopiak erakustaldiaren artxiboan gordeko dira.
15.- Hautatutako film laburrak erakustalditik kanpo proiektatu ahalko dira, film horien sustapenerako emanaldietan edota herriko elkarteekin batera antolatzen diren jardueretan: gazteria, emakumea, hezkuntza eta beste hainbat arloei lotutako jardueretan. Emanaldi horiek doakoak izango dira, eta dirua irabazteko asmorik gabeak, eta horretarako emanaldi-eskubideen jabeei baimena eskatuko zaie, eta haiek aukera izango dute emanaldirako baimena ukatzeko.
16.Film laburra aurkezten duen pertsonak, enpresak, baltzuak edo bestek, ziur egon behar du horretarako baimena duela, eta IKUSKA 2025an parte hartzeak ez dituela kaltetzen hirugarrengoen eskubideak (babesleak eta abar). Gainera, antolatzaileak sor litezkeen lege erantzukizunetatik salbuetsiko dituzte.
17.- Antolatzaileek oinarri hauek aldatzeko, edozein gorabehera konpontzeko, edo lehiaketa bertan behera uzteko eskubidea dute. Hala erabakiz gero, parte-hartzaileei horren berri emango zaie.
18.- Film laburren Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko 27. Erakustaldi honetan izena emateak oinarri hauek guztiz onartzen direla esan nahi du.