IKUSKA 2017 Pasaiako Badiako Film Laburren Nazioarteko XIX. Erakustaldia azaroaren 11n abiatuko da Trintxerpen.

Aurkeztu den film kopuruak (3000 inguru) erakusten du IKUSKA erakustaldi finkatua dela, film laburren langintzan aritzen direnek aintzatetsia.  Aurten 114 herrialdetako proposamenak jaso ditugu. Afganistan, Hego Korea eta Filipinetako lanak ditugu lehen aldiz, inoiz ez baitziren herrialde horietako filmak hautatuak izan Erakustaldian. Estatutik etorritakoez gain, honako herrialde hauetatik aurkeztu dira lan gehien: Brasilia, India, Estatu Batuak eta Iran. Aurkeztutako lan guztietatik 69 hautatu dira IKUSKAko sailetan parte hartzeko: Sail ofiziala, Mintzalagun, Emea eta Anitza, Gauguasa eta jakin-minezko eta beldurrezko bat.

Sail horiez gain, …OSPATZEN saila ere antolatzen da. Oraingoan KIMUAKi eskainiko zaio sail hori, eta 9 film labur proiektatuko dira.

EMEA ETA ANITZA sailean Indiatik etorritako 3 emakume izango ditugu gurekin, Bekoz Bekok gonbidaturik, SHEROES dokumental laburrean partaide direnak, eta IKUSKA 2016an Bekoz Beko sariaren irabazle suertatu zirenak.

Era berean, nabarmentzekoa da berriz ere Oarsoaldeako Euskara Batzordeko Mintzalagun ekimenarekin elkarlanean antolatu dela izen hori bera duen saila, euskarazko film labur bati saria ematen diona, eskualdeko euskaltegietako ikasleen botoekin. Aurten MINTZALAGUN sailean 8 film labur proiektatuko dira.

IKUSKA Donibanera itzuliko da aurten, Itsasmendi elkartearen lankidetzari esker. IKUSKAko lehiaketako 5 sailak Juanba Berasategi aretoan eta Trintxerpeko Alkateordetzan proiektatuko dira.

Pasaitarrak eta zazpigarren artearen zale guztiak gonbidatzen ditugu Trintxerpera bertaratu daitezen kultura unibertsaletara hurbiltzen gaituen zinema honetaz patxada ederrean gozatzera.